Deskribapen orokorra:
Muxikako udalerria Busturialdeko eskualdearen hegoaldean dago, Oiz
eta Bizkargi mendiguneen artean eta Urdaibai Biosferaren Erreserbaren barruan.
49,89 km2-ko azalerea dauka eta, holan, eskualde osoko udalerririk handiena da.
1965era arte independenteak izan ziran Ibarruri, Muxika eta Gorozika
eleizateetatik sortuta, bere ezaugarririk nagusiena sakabanatutako auzoak daukazala da.
Horreetako gehienek, ganera, balio handiko kultur eta historia ondarea daukie. Ganera,
hainbeste ohitura eta kultur adierazpen gordetan dauz bere tradizinoan eta, bertako
biztanleen sustraitzeari esker, gaur egun oraindino bizirik dagoz.
Beste landa-udalerri batzuek moduan, Muxikak be betidanik oinarritu
dau bere ekonomia lurren ustiapenean: Nekazaritzea, abeltzaintzea eta mendien
aprobetxamentua. Holan ba, nekazaritza eta artisau ekoizle asko dagoz berton.
Naturaren ikuspegitik, altxor txikiak be badaukaz, berbarako: Okako
hatxartea, Askariko baso mistoa, Atxeliko zugaztiak eta Ajuria, Unda, Maume, Gorozika eta
San Roman landa-auzoen paisajea.
Antxina Muxikako Ugarte deitzen jakon, San Roman auzoan egoan
Muxikako Torreagaitik; izan be, lurraldeko leinu poderetsuenetako baten egoitzea izan zan
hori.
Osoko bilkureak, 1982ko zemendiaren 20ko batzarrean, udalerriaren
izena aldatu eta Mugicaren ordez Muxika ezartea erabagi eban, eta horixe da bere izen
ofiziala gaur egun.
|