San
Roman:
Auzo hau Oka ibaiaren ezkerreko ertzean dago, muino txiki baten
ganean, Berton dagoz San Roman ermitea eta Muxikako Torrea.
Muxikako Torretxea gane baten dago, haran biren artean, Gernikatik
Mungiarako eta Amorebietarako bideen kurutzegunean. Horrenbestez, antxina egoera paregabea
eukan eta, beragaz batera, Oka ibaiaren ibaiertzetan, hainbat errota eta burdinola dagoz,
bai eta San Roman ermitea be.
Holango etxebizitzak berant Erdi Aroan agertu ziran Bizkaian. Izan
be, gerra ugari egozan bandokideen arteko burruken ondorioz eta, holan, euren funtzino
nagusia, egoitza izateaz ganera, defentsa-lekua eta inguruak menderatzeko kokalekua izatea
zan. |
|
Bizkaiko
Ermandadeak erre eban, 1451. urtean, torrea txikiagotuz; ostean, XV. mendearen amaieran
eregi zan barriro. Bandoen arteko burrukak amaitu ziranean, landa jauregitxu bihurtu zan.
1782. urtearen inguruan zaharbarritu egin zan, aurri-egoeran egoteko arriskua eukalako
eta, aurrerago be, sarritan barriztatu da, hesiari eraikin bat lotuta. Torreak erraz
bereizteko moduko zati bi daukaz: Horma altu eta zabalez inguratutako patio zabala eta
etxebizitzea, gotorlekua bera.
Torretik hurbil, San Roman ermitea dago, XII. mendearen amaierakoa.
Ermitearen atalik azpimarragarrienak abside-bentanak dira, elementu bitxiak diralako
Euskadiko arte-geografian eta Erromanikoan kokatzen dalako. San Bizente parrokiatik ermita
honetara etorten zan eta abadeak bedeinkatu egiten eban bertaratutakoek euren ordu eta
kortak babesteko hartzen eben ura. Umea ekarteko egozan emakumeak be bere babespean
ipinten ziran, eta jaioko zan umearen sexua zein izatea gura eben adierazoten eutsoen
santuari. Ermitearen oina angeluzuzena da, 14,10 x 7,30 m. neurrietakoa, eta goiburu
planoko nabe angeluzuzen bakar batek osotzen dau. Harlangaitzezko hormak daukaz, eta
harlanduzko eskinak; isurki biko estalkia dauka eta barrura sartzeko arku zorrotzeko ate
bat dago. Ermita honen jaia abuztuaren 9an ospatzen da.
Auzo honi jagokonez, Urkietako artea nabarmendu behar da, Quercus
ilex ilex espezieko artea, zugatz berezia dala autortu baita. Adarrak kimatu
jakoz eta, ondorioz, zabalago egin da, altuerea galduta.
San Roman auzotik seinaledun Mountain Bike zirkuitura helduko gara.
Zirkuitu hori Morga udalerriagaz batzen da eta 25 kilometro daukaz. |