San Bizente eleizearen ondoan dagoan baserri moltsoa da. Bertan dago udaletxea, 1780. urtekoa. Bere izenak Ugarte edo Urarte dauka jatorria, hau da, “ur arte”, ibaien artean dagoalako.
Gaur egungo udaletxea jausi egin zan beste eraikin bat egoan lekuan dago, herritarrak eraikin horretan batzen zirala. Udaletxeko fatxadan plaka batek Valentín Uriona txirrindularia gogoratzen dau. 1967an hil zan, 27 urte eukazala, Espainiako txapelketaren urteerean, txapeldun baten ibilbidea eten zala.
Nabarmentzekoa da Ugarteko San Bizente parrokia-eleizea. 1082. urtean Bizkaiko jaun-andreek, Lope Iñiguez jaunak eta Tecla andreak Donemiliaga Kukulako monasterioari emon eutsoen eleiza hori, eta ostean Múgica familiarena izan zan. Antxinako hondarrak kontuan hartuta, eleiza hau eraikin erromaniko garrantzitsua izan zala ondorioztatu leikegu.
XVIII. mendean zaharbarrikuntza-lanak egin ziran eta, holan, guztiz aldatu zan eleizearen egiturea, goiburua handituz. Barruan Barrokoko erretaulea dago, XVIII. mendearen amaierakoa.
Berton, nabarmentzekoa da San Bizente titularraren irusdia erdian eta San Pedro eta San Pablo alboetan, bai eta Kristo atikoan be, aingeruak, kerubinak eta santu txikiak dagozala beragaz.
Eleiza honetako organoa be aitatzeko modukoa da: 1760. urtekoa da eta sistema mekanikoa dauka. J. A. de Albisua jaunak eregi eban organoa eta Markinako Karmeldarren komentutik Mundakako parrokiara eroan zan eta, ostean, Muxikako honetara. Diego Amezuak koruko lekuari egokitu eta zaharbarritu eban, XVIII. mendearen amaieran. Izan be, oso garrantzitsua da Diego Amezuaren obretako gitxi gordetzen diralako, eta hau da horreetako bat.
Hiru udal hilerrietako bat Ugarte auzoan dago, eta beste biak Ibarrurin eta Gorozikan dagoz.
49 etxebizitza dagoz Ugarte Goikoa eta Ugarte Bekoa izenekoetan banandutako auzo honetan. Azpimarratzekoa da Igertu baserria. Bentana baten leihoburuan idulkiaren ganeko kurutzea dago grabauta, alboan eguzki-ikurrak daukazala.
Auzo honetako jaiak urtarrilaren 22an, San Bizente, eta Maiatz-Pazkoan dira, maiatza/bagila inguruan.